Logopedia

Orientazioa, prebentzioa, ebaluazioa eta tratamendua

Logopedia giza komunikazioarekin eta sistema estomatognatikoarekin (besteak beste, jateaz, hitz egiteaz, ahoskatzeaz eta mastekatzeaz arduratzen den sistema) lotutako funtzio askotako lanbidea da.

Zehatzago esanda, gure lana komunikazio-prozesuetan ager daitezkeen zailtasunen orientazioan, prebentzioan, ebaluazioan, diagnostikoan eta tratamenduan oinarritzen da: ahotsaren, hizketaren, hizkuntzaren eta aho eta aurpegiko funtzioen alterazioak, hala nola irensketa (elikagaiak irensteko ekintza). Era berean, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak tratatzeaz arduratzen den profesionala da logopeda.

Logopedia haurrarengan eta haren gertuko ingurunean oinarritzen da: familian eta ikastetxean. Jarduketa horrek hizkuntzaren eta komunikazioaren patologia duten pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea du helburu; izan ere, hark bereizten gaitu gizaki gisa, eta ezinbestekoa da gure egunerokotasunerako. Beste jarduketa-eremu bat irakurketa- eta idazketa-prozesuetara dago bideratuta, eta berreztea eta prozesu horiek hobetuko dituzten estrategiak irakastea du xede. Azkenik, pertsonek modu seguruan irentsi, edan edo arnastu dezatela ahalbidetzen dugu.  

“Bada hizkuntza bat hitzetatik haratago ere”

MODALITATE TERAPEUTIKOAK

HIZKUNTZAREN ESTIMULAZIOA

Hizkuntza haurrari bere nahiak adieraztea ahalbidetzen dion bitartekoa da, bere beharrak asetzeko, beste batzuekin jarduteko eta bere jakin-mina eta sormena garatzeko. Nork bere burua eta ingurunea ezagutzeko tresna bat da.Hizkuntza bizitzako lehen urteetan garatzen den etenik gabeko prozesu bat da.

Lehen faseak erabakigarriak izaten dira haurrentzat, une horretan izaten baitute hizkuntza, komunikazioa, entzumena eta mintzamena ikasteko eta garatzeko erraztasun gehien; gainera, arreta handiagoa izaten dute beren inguruaren aldetik.Horregatik, une hori aprobetxatu behar dugu egunerokotasunean moldatzeko behar-beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak (motorrak, sozialak eta kognitiboak) indartzeko eta sendotzeko. UNEAn, ustezko zailtasunen detekzio goiztiarra egiten dugu, eta familiarekin eta ingurukoekin batera lan egiten dugu. 

Zerk adieraz diezaguke haurrak hizkuntza garatzeko zailtasunak dituela?
  • 0-1 hilabete – Negar arraroa
  • 2-4 hilabete – Irribarre sozialik eza
  • 6 hilabete – Ez du ahoskatzen eta zezeltzen
  • 9 hilabete – Ez ditu hitzak silabatan zatikatzen
  • 12 hilabete – Ikasitako gaitasunak galdu ditu
  • 15 hilabete – Ez du seinalatzen eta ez ditu hiru hitz jarraian erabiltzen
  • 18-24 hilabete – Ez ditu jarraibide sinpleak betetzen, ez ditu “ama” edo beste izen batzuk esaten eta ez ditu bere gorputzeko atalak ezagutzen
  • 24-36 hilabete – Ez du bi hitzeko esaldirik egiten eta ez du bi hitzeko jarraibiderik jarraitzen
  • 36-48 hilabete – Ez ditu hitzak modu egokian erabiltzen; bata bestearekin ordezkatzen ditu
  • 4-6 urte – Ez du behar bezala hitz egiten
Lehen faseak erabakigarriak izaten dira hizkuntza ikasteko eta garatzeko
UNEA

HIZKUNTZA, HIZKETA ETA KOMUNIKAZIOA

Hizkuntza, hizketa eta komunikazioa giza portaeraren alderdi garrantzitsuenetako batzuk dira eta eginkizun erabakigarria betetzen dute garapen kognitiboan, afektiboan eta sozialean.  Hizkuntza da gure komunikabide nagusia, pentsamendua eta ekintza egituratzen dituen tresna. Nortasunaren eta portaera sozialaren faktore erregulatzaile gisa jarduten du.Esparru horretako arazoek zailtasunak eragiten dizkiete, beren egunerokotasunean, arazo horiek dituzten pertsonei nahiz haien ingurukoei.

Esparru honetan ager daitezkeen nahasmenduak asko eta askotarikoak dira. Mintzatzeko zailtasunen ondorio izan daitezke, hala nola: hitzak sortzeko arazoen edo erritmo desegokiaren ondorio; hizkuntza-nahasmenduen ondorio, hura berandu ikasi delako edo gaizki egituratzen delako, adibidez; edo komunikazio-zailtasunen ondorio, gure nahiak adierazteko orduan hizkuntza erabiltzeko zailtasunak agertzen direlako. Gure helburua ahalik eta komunikazio-potentzialik handiena lortzea da. Xede horrekin, adierazpen-hizkuntza, ulermen-hizkuntza, hizketaren trebetasun motorrak eta trebetasun pragmatikoak jorratzen ditugu, betiere haur bakoitzaren eta familien premietara egokituz.

Zerk adieraz diezaguke haurrak hizkuntza garatzeko zailtasunak dituela?
  • Entzuten ez duela dirudi
  • Ez dit ulertzen eta/edo ez dit kasurik egiten
  • Bi urte ditu eta ez du ezertxo ere hitz egiten
  • Dena seinalatzen du eta/edo keinuak egiten ditu komunikatzeko
  • Asko hitz egiten du, baina ez zaio ulertzen
  • Hiru urte ditu eta ez ditu perpausak egiten
  • Ez du hitz egiten bere ikaskideekin
  • Nik bakarrik ulertzen dut zer esaten duen. Nik itzultzen dut dena
  • Ez du bere hiztegia modu erregularrean aberasten
  • Lau urte ditu eta ez ditu perpaus konplexuak eta luzeak egiten
Gure helburua ahalik eta komunikazio-potentzialik handiena lortzea da
UNEA

IRAKURKETA ETA IDAZKETA

Irakurketa eta idazketa oso estrategia konplexuak dira, baita zailtasunik ez duten haurrentzat ere. Idatzizko hizkuntza, ahozkoa ez bezala, ikasi egin behar da eta horretarako hainbat prozesu jarri behar dira martxan. Irakurri ahal izateko ondo menderatu behar da ahozko hizkuntza, eta pertzepzio-prozesu bisualak jarri behar dira martxan hautematen duguna identifikatzeko; prozesu lexikoak, hitzak ezagutzeko; prozesu sintaktikoak, esaldiak ulertu ahal izateko; eta prozesu semantikoak, hainbat esaldi bata bestearen jarraian irakurtzean, mezua ondo ulertzeko. Idazketa are konplexuagoa da, eta prozesu gehiago hartzen ditu barne.

Oso garrantzitsua da esparru honetako zailtasunak lehenbailehen hautematea, ikasturtez ikasturte garatu eta perfekzionatuko duten prozesua baita. Horretarako, hasierako balorazio bat egiten dugu haur bakoitzaren premiak antzemateko, eta plan espezifiko bat egiten dugu. Era berean, Glifing metodoarekin lan egiten dugu, haurrek beren irakurtzeko gaitasunak formatu ludikoago batekin hobe ditzaten. 

Zerk adieraz diezaguke haurrak irakurtzeko zailtasunak dituela?
  • Antzeko ahoskera duten hitzak nahasten ditu
  • Hizkiak identifikatzeko zailtasuna du
  • Hitzen soinuak identifikatzeko zailtasuna du
  • Irakurketarekiko interesik eza edo ukoa agertzen du
  • Hizkuntza garatzeko zailtasunak ditu
Zerk adieraz diezaguke haurrak idazteko zailtasunak dituela?
  • Hizkien ordena aldatzen du
  • Arazoak ditu hizkien orientazioan
  • Antzeko hizkiak nahasten ditu
  • Baldarra da eta ez ditu eskuak modu egokian koordinatzen
  • Bere jarrera desegokia da idazteko orduan
  • Akatsak egiten ditu idazterakoan (hitzak kentzen, ordezten, alderantzikatzen edo gehitzen ditu)
Oso garrantzitsua da zailtasunak lehenbailehen hautematea, irakurketa ikasturtez ikasturte garatzen den prozesua baita
UNEA

AHO ETA AURPEGIKO TERAPIA MIOFUNTZIONALA

Aho eta aurpegiko terapia miofuntzionalak terapia (sendaketa) eta mio (muskulua) kontzeptuetan du jatorri etimologikoa. Hizketaren ekoizpenean, hortzen egituran eta lotura maxilarrean eragin dezaketen aho eta aurpegiko funtzioak prebenitzeaz, baloratzeaz, diagnostikatzeaz eta zuzentzeaz arduratzen da. Terapia hori irensketa atipikoaren tratamenduarekin lotu ohi da; hala ere, asko dira jarduketa-esparruak, ortodontziarekin lotutakoez gain.

Maila estrukturalean nahiz funtzionalean ager daitezkeen asaldurak baloratzea da helburua, arnasketari, mastekatzeari eta irensketari (irensteko ekintza) dagokionez. Zentzu horretan, ariketa muskularrak egiten ditugu sistema estomatognatikoaren garapen optimoa garatzeko (jateaz, hitz egiteaz, ahoskatzeaz, mastekatzeaz, irensteaz eta irribarre egiteaz arduratzen den sistema) eta bereganatutako ohitura txarrak zuzentzeko (hatza zupatzea, txupetea luzaroan erabiltzea eta ahotik arnasa hartzea, adibidez).

Aho eta aurpegiko funtzioek hizketan, hortzen egituran eta lotura maxilarrean eragiten dute
UNEA