Psikoterapia
Hazi pertsona gisa
UNEAn, ikuspuntu humanista eta sistemikotik ulertzen dugu psikoterapia. Bere osotasunean hartzen dugu pertsona bakoitza, eta hark garatzeko dituen aukeretan sinesten dugu, betiere bere bizi-esperientziaren kontzientzian eta erantzukizunean oinarrituz. Izan ere, kontuan izan behar dugu gure izaera gure inguruko sistemetan (familia, lana eta abar) ikasten dugunaren araberakoa dela.
Eremu seguru bat da, eta honako hauek dira helburuak: portaeran aldaketak lortzea, osasun fisikoa eta psikikoa izatea, nortasun psikologikoa txertatzea, eta pertsona edo taldeen ongizatea lortzea, bikotearena edo familiarena, esaterako.
Uneoro lagunduko dizugu, “zer” egiten duzun eta gauzak “nola” eta “zertarako” egiten dituzun aztertzean, sufrimendu-egoeran mantentzen zaituzten alderdiak ezagutu ditzazun, zure gaitasun pertsonalak garatu ditzazun, eta egoera hori konpontzeko, aldatzeko edo onartzeko zure modua aurki dezazun.
Modu harmonikoan eta integratuan sentitu, pentsatu eta jardun dezazula da gure helburua, zinezkotasunez harremanetan jartzea, pertsona gisa haztea, autobabesera hurbiltzea, arazoei heldutasunez aurre egin egitea eta kontzientzia handiagoarekin bizitzea.
Banako psikoterapia
Autorrealizazioaren eta hazkundearen bidean
Haur eta gazteen psikoterapia
Garapen osorako laguntza
Bikote-psikoterapia
Bikotearen oreka leheneratzea
Familia-psikoterapia
Familia-dinamiken hobekuntza
MODALITATE TERAPEUTIKOAK
BANAKAKO PSIKOTERAPIA
Banakako psikoterapian, UNEAn leku bat eskaintzen dizugu zailtasun edo arazo existentzialak, blokeo-egoerak eta itxi gabeko gaiak gainditzen laguntzeko, horiek zure gogobetetasun pertsonala, autorrealizazioa eta hazkundea murrizten baitute.
Gizakiaren ideia holistikotik abiatuta, pazientearekin batera aztertzen dugu pentsatzeko eta harremanetan jartzeko (zurekin edo zure ingurunearekin) zer moduk eraginda garatu dituzun jarduteko modu ez oso egokiak edo sufrimendua eragin dizutenak, hau da, zure eguneroko bizitzan eragiten dutenak.
Patroi horietaz konturatu zaitezen lagunduko dizugu, zure buruarekiko kontzientzia areagotuz. Izan ere, pertsona bakoitzari bere bizitzan zehar galdu duen autolaguntza itzultzea da azken xedea, modu atseginagoan eta sortzaileagoan bizitzeko.

HAUR ETA GAZTEEN PSIKOTERAPIA
Haurra edo nerabea etengabe aldatzen ari den izaki bat da, bere ingurunera egokitzen ari dena. Une horretan beti daude presente zailtasunak, mugak eta errealitatea, baina horiei aurre egiteko modua aldatu egiten da bereganatu dituen bitartekoen eta trebetasunen arabera.
Baliteke zailtasun batzuei aurre egin ahal ez izatea, eta horrek sufrimendua eta ondorio negatiboak eragingo dizkio bere buruarekin edo ingurunearekin harremanetan jartzeko orduan. Hau da, batzuetan, aldagai horiek aurre egin ezin dioten sufrimendua sortzen dute eta modu disfuntzionaletan konpontzen dute, helduen mundua asaldatzen duten gatazkekin edo sintomekin.
Haur eta gazteen psikoterapian oinarrituz, UNEAn haurrak edo nerabeak autorrealizazioarekiko duen berezko desioan sinesten dugu. Horregatik, haiei nahiz haien familiei lagunduz, haien hazkundea eta garapen fisiko, emozional eta soziala oztopatzen ari diren zailtasunak gainditzen laguntzea da gure helburua.
Psikoterapeutaren eta pazientearen arteko konfiantzaren eta loturaren bitartez, prozesu terapeutikoan zehar, psikoterapeutak eredu gisa jarduten du, eta lagundu, gidatu eta bizitutakoa antolatzen du, haurrak edo gazteak arazoei aurre egiteko modu berriak esperimenta ditzan; horrela, modu osasuntsuagoan bizitzea ahalbidetuko diogu, niaren zentzu sendoagoa eta autolaguntza handiagoa lortuz.
Joko eta ariketa terapeutikoen bidez (marrazketa, norbere historia pertsonalaren lanketa, antzerkia, zuzendutako fantasiak, eskulanak, ipuinen eta metaforen erabilera, buztina, role playing-a…), eta aldi berean gurasoekin lan terapeutikoa eginez (harremanetan jartzeko aukera osasuntsuak ikasteko, eta presente egon daitezkeen zailtasunak ulertu eta horiei aurre egiteko trebetasunak eta kontzientzia izateko), pertsona gisa garatu eta gauzatu daitezen laguntzen dugu, haien hazkunde osoa eta egokia ahalbidetuz.

BIKOTE-PSIKOTERAPIA
Bikotea bi pertsonen artean sortzen den harreman-espazio eta proiektu bat. Bikoteak egonkortasuna eta gogobetetasuna ematen dizkigu askotan, baina ez da harreman-sistema egonkor bat, eta etengabeko aldaketak eta krisialdiak jasaten ditu; horrenbestez, gatazka- eta sufrimendu-agertoki bat bihur daiteke. Bikotearen barruan, bakoitza nor garen ahaztu dezakegu; hau da, batzuetan ahaztu egiten dugu norberaren ardura dela norbere beharrak ezagutzea eta errespetatzea, baita bikotekidearen beharrak entzutea eta errespetatzea ere. Hori dela-eta, bi premiak gatazkan sartu eta exijentzian, epaiketan eta beldurrean murgildu gaitezke, eta ez maitasunean, ulermenean eta tolerantzian.
Kasu horietan, prozesu terapeutiko bat has daiteke harremanak behar bezala funtzionatzea eragozten duten bikote-arazoei aurre egiteko edo, besterik gabe, bikotearen komunikazio afektiboa, pertsonala, sexuala eta soziala (besteak beste) hobetzeko.
Psikoterapeutaren laguntzarekin, UNEAn bizikidetzan sortzen diren gatazkak aztertzen ditugu, baita gure haurtzaroan eta nerabezaroan ikasi ditugun familia-ereduak eta -loturak (horiek gure bikotekidearekin harremanetan jartzeko modua kaltetu dezaketenean), blokeoak edo komunikatzeko zailtasunak, loturak, legatua, sinesmenak eta jomugak ere. Era berean, gure buruarekiko eta bikotekidearekiko ezagutza lantzen dugu, desberdintasunen onespena, eta zerk elkartzen gaituen bilatzen dugu, besteak beste. Horrekin guztiarekin, bi pertsonaren arteko oreka berrezarri eta komunikazio-sistema berri bat ezarri ahal izango dugu, aurrera egiteko eta atseden hartzeko moduko “gu” bat eraikitzeko.

FAMILIA-PSIKOTERAPIA
Familiako dinamika zailtasun-iturri bat bihur daiteke, familiako kideen hazkundea oztopatuz. Bizitzako gertakari estresagarri eta traumatikoak (dibortzioa eta banantzea, maite dugun pertsona baten gaixotasuna edo heriotza…), familia garatzeko trantsizio-garaiak, guraso eta seme-alaben arteko gatazkak, eskolarekin eta lanarekin lotutako arazoak, zailtasun psikosexualak… harreman-zailtasunen iturria eta faktorea bihur daitezke, familiako kideengan mina eta ondoeza sortuz.
Familia da pertsona gisa garatzeko sostengu eta babes gisa balio duen sistema nagusia. Beraz, familia-psikoterapian, pertsonei gertuko harremanetarako baliabideak ematea da gure helburua, elkarri lagundu ahal izateko.
Familiako kideei pentsamendu zailak eta emozioak giro seguruan adierazteko eta esploratzeko aukera emanez, kide bakoitzaren esperientziak eta ikuspuntuak ulertuz, bestearen premiak hautemanez, rolak aztertuz… familia-dinamikak eta harremanetarako patroiak hobetzen laguntzen dugu horiek zailtasunen iturri bihurtzen direnean eta familiako kideen harremanak aldatzen dituztenean, eta beraz, arazoa larriagotu edo iraunarazi egin daitekeenean. Azken batean, harremanetarako modu berriak aurkitzen laguntzen dugu, modu atseginagoan bizi ahal izateko.
